Skip to main content

Bertan behera geratu da Gaztea irratiko langileek deitutako greba

Ekonomia

Ane Garitaonandia

2025, mar. 06 - 12:03

Gaztea irratiko langileek bertan behera utzi dute ostegunerako deitutako greba. EITBko zuzendaritzak ostegunean ospatzekoak ziren Gaztea sariak deuseztatu eta horren ondorioz eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko greba deitu zuten langileek. Hala ere, azkenean, greba ezerezean uztea erabaki dute, euren aburuz, oihartzun handiko egun batean nahi dute egin eta osteguna haientzat egun normal bat bilakatu da. Hortaz, greba aurrerantzean egingo dutela jakinarazi dute.

EITB Musikako eta Gaztea irratiko langileak aspalditik dabiltza baldintza hobeak eskatzen, izan ere, langileak animatzaile musikalak direla adierazi dute eta ez erredaktoreak. Figura hori orain dela 35 urte sortu zen Gaztea irratiaren sorkuntzarekin batera. Urte hauetan guztietan irratiaren jarduna aldatu egin dela azaldu dute langileek, hasieran saio konbentzionalak egiten zituzten, gaur egun, berriz, elkarrizketak, lehiaketak, albisteak, magazinak eta bestelakoak. Hitzarmena geldi dagoela gaineratu dute, eta euren kontratuen arabera “abestien aurkezpen inprobisatuak” baino ez dituztela egin behar.

Horren guztiaren aurrean, adierazi dutenez, EITBk emandako erantzuna, langile bakoitzaren kategoria eta ardurak berrikusiko dutela izan da, baina 21 hilabeteko epean. Zuzendaritzak, gainera, eskatzen dutena betetzea zaila dela helarazi die, izan ere, hain kolektibo txikia izanda, Eusko Jaurlaritzak ez duela eskaera onartuko hiru bat lankide joan baitziren zuzendaritzarenera. Hala ere, langileek borrokan jarraitu eta estrategikoki jokatuko dutela baieztatu dute. Esandakoaren arabera, datozen egunetan emango dute erabaki berrien berri.

Asteazkenean aditzera eman zuten Gaztea irratiko langileek euren egoeraren berri, horretarako espresuki sortutako Instagrameko kontuaren bitartez. 'Desgastea' izeneko kontu horretan musikari eta artistek helarazitako babesa eskertu dute langileek. Bestalde, sarietan parte hartu behar zuten hainbat musikarik eta beste artista ugari mugimenduarekin bat egin dutela jakinarazi dute.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista